Bilduk Onkologikoa pribatizatzeko asmoa salatu du
Pribatizatzeko bidean hainbat pauso eman direla salatzeko eta Onkologikoa osasun publikoan barneratu behar dela aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute EH Bilduko ordezkariek.
Kutxaren gizarte ekintzaren ikurra izan da Onkologikoa. Baina, Ainhoa Beola, Kutxako administrazio kontseiluko kidearen arabera, “gizarte ekintzetarako gero eta diru gutxiago bideratzen du Kutxak”.
Kutxaren izaera bera eta norabidea aldatzen ari dela salatu du Beolak, eta “gipuzkoar guztien ekarpenekin sortutako proiektuak hustutzen” ari direla adierazi du. Hala, Onkologikoaren izaera publikoari eustea eskatu dute Bilduko ordezkariek, gipuzkoarrei kalitatezko osasun publikoa bermatzeko.
Izan ere, Onkologikoaren kudeaketa txarra eta “pribatizatzeko bidean hainbat pauso” nabaritu dituztela salatu du Beolak. Madrildik etorritako kudeatzaile berri batek hainbat erizain eta medikuren kaleratzeak onartu dituela salatu du Beolak, adibidez.
Bestalde, Onkologikoko zerbitzu eta gela batzuk entitate pribatu batzuei alokatu dizkietela ere salatu du Bilduk. Ikerkuntza onkologia arloan “ezinbestekoa” dela adierazi du Beolak, baina “bertako ikerkuntza arloak indartu beharrean, kanpoko enpresen esku uzten ari dira”, salatu du. Inbiomed zentroren kasua jarri dute adibidetzat, bularreko minbiziaren ikerkuntzan oinarritzen den zentroak murrizketa ugari izan baititu.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, ‘Onkologikoa guztiona. Pribatizaziorik ez’ lemapean egin dute elkarretaratzea Bilduko kideek eguerdian Onkologikoaren atarian bertan. Eta berriro ere, Parlamentuan, Batzar Nagusietan nahiz hainbat udaletan onartutakoarekin bat eginez, Onkologikoa Osakidetzan integratzeko eskatu dute.



