Jaietako boluntarioek kantatuko dute 'Artillero' Aste Nagusiko kanoikadan
Urtean zehar 60 eta 70 pertsona artean aritzen dira festetan boluntario lanetan; udalak lan isil eta anonimoa eskertu nahi izan die.
Festetan musutruk aritzen diren boluntarioak izango dira aurtengo Aste Nagusian, kanoikadan. Udal ordezkari guztiekin batera Artillero kantatuko dute udaletxeko terrazan. Donostiako Udalak euren lana aitortu nahi izan du. Izan ere, donostiar asko eta asko aritzen dira festetan boluntario lanetan. “Antolakuntza ez da samurra, eta lan txikietan aritzen badira ere, euren ekarpena handia da oso. Hortaz egiten duten lan isil eta anonimo hori eskertu nahi izan diegu”, adierazi du Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Kultura arduradunak. Urtean zehar 60 eta 70 pertsona artean aritzen dira boluntario lanetan. Txapartegiren hitzetan, “lagun hauek dira gure festetako enbaxadore onenak”.
Donostia Festak unitatearekin batera hainbat talde aritzen dira boluntario lanak egiten. Aste Nagusian ez ezik, urtean zehar egiten diren jardueretan laguntzen dute. Urte osoan zehar festa jardueretan modu aktiboan parte hartzen duten pertsonak dira: aisialdiko taldeak, danborradak, kaldereroak, inauterietako konpartsak eta norbanakoak… Mariaje Torres Donostia Festak Ataleko arduradunak zehaztu du boluntario horietako inork ez duela inolako dirurik jasotzen egindako lanaren truke, nahiz eta elkarteen artean tarteka diru kopuru txikiak banatzen diren gastuei aurre egiteko. Beste batzuetan, haien lanaren ordaina lagunarteko bazkari/afari baten bidez ordaintzen dela azaldu du, eta kasu guztietan istripu aseguruarekin daudela babestuak.

