Mikel Egigurenek binakako txapelketako finala jokatuko du ostiralean, Enbil bikote duela
Olharan-Ibai Erkiaga eta Beaskoetxea-Irastorza partidako irabazlea izango dute aurkari.
Munduko Pilota Batzarrak Binakako Zesta Punta Txapelketa antolatu du aurten ere. Hilabete honetan, hiru lehia jokatu dituzte puntista onenek ostiraletan, eta Mikel Egiguren donostiarrak finalerako txartela eskuratu du, Enbil bikotearekin batera.
Egigurenek eta Enbilek, lehen partidan, Aritz Erkiaga-Txasio bikoteari 35-27 irabazi zieten, eta joan den ostiralean, berriz, Olharan-Ibai Erkiaga bikotearen aurka, 35-20 gailendu ziren. Hala, Olharan-Ibai Erkiaga bikotea ligaxkako bigarren postuan geratu da, eta ondorioz, finalaurreko lehia jokatuko du gaur, Beaskoetxea-Irastorza bikotearen aurka, Gernikan. Gaur jokatuko duten partida horretako bikote irabazlea izango da Egiguren eta Enbilen finaleko aurkaria, ostiralean, Hondarribian.


