Nafarroa etorbideko bidegorria erabil daiteke dagoeneko
Nafarroa etorbideko bidegorria bukatuta, hiri guztian bizikletaz ibiltzeko ibilbide sarea nabarmen handitu da.
Groseko eremu honetan bukatu dira oinezkoen eta bizikletaz dabiltzan herritarren arteko arazoak. Izan ere, erdibitzailearen ondoan egin dute bidegorria, eta bakoitzak bere lekua izango du honela.
Nafarroa etorbideko bidegorriak errail bana du norabide bakoitzerako; 385 metro luze ditu eta 2,60 metroko zabalera. Gainera, bidegorria egiteko hamazazpi aparkaleku kendu dituzte, eta trafikoaren arintasuna bermatzeko, Groseko osasun etxearen parean errepidea zabaldu egin dute, taxiak eta autobusak geratzeko lekuak egokituz. Bizikleta eta oinezkoentzako pasabide guztiak ere berritu egin dituzte.
Lan hauekin batera, Ategorrietako Galtzada Zaharreko bidegorrian ere hobekuntzak egin dituzte.
Bidegorri sarea
Jon Albizu mugikortasuneko zinegotziak gogora ekarri du Ramon y Cajal eta Arrasate kaleetan egin zituela udal gobernuak lehen bidegorri zatiak eta, horrekin batera, Easoko bidegorrian hobekuntzak egin zirela, bizikleta eta oinezkoen arteko arazoak konpontzeko.
Urdanetan bidegorri zati berri bat ere egin da, eta Foru Aldundiak finantzatuta, Añorgako bidegorria ere eraiki da. Orain, Nafarroa hiribidean esku hartu beharra zegoela adierazi du Albizuk, Ekialdea hiriko beste aldeekin lotzeko funtsezko bide ardatz bat sortzeko eta urte askoan iraun duen bizikleta eta oinezkoen arteko gatazkari amaiera emateko. Bere hitzetan, “honelako neurriak aurrerapauso handiak dira Donostia Euskal Herriko bizikletaren hiria izateko bidean”.
Albizuk iragarri du bizikleta kontagailu bat jarriko dutela ibilbide horretan eta, hortaz, urte bukaerarako, datu objektiboak izango dituztela bide berriaren garrantzia baloratzeko. Kontagailu hau hiriko bederatzigarren kontrol gunea izango da; guztiak legealdi honetan jarriak.



