Zinemak eta gastronomiak bat egingo dute aurten ere
Basque Culinary Centerrek, Donostiako Zinemaldiak eta Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak bat egin dute ‘Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia’ antolatzeko.
Euskal Herriko kulturan gastronomiak duen garrantzia ikusita, Donostiako Zinemaldiak ere bertako sukaldaritzari tarte bat eskaintzea ezinbestekotzat jo zuten duela bi urte. Berlineko Nazioarteko Zinemaldian dagoeneko egiten zuten jardueraren berri jakin, eta handik Donostiara ekarri zuten ideia. Hala hasi zen Basque Culinary Centerren, Donostiako Zinemaldiaren eta Berlineko Nazioarteko Zinemaldiaren arteko elkarlana. Guztien artean indarrak batu, eta ‘Culinary Zinema: Zinema eta gastronomia’ saila sortu zuten Zinemaldiaren barnean. Azken batean, egun berean film batez eta harekin lotutako afari batez gozatzeko aukera eskaintzen diete partaideei. Aurten ere zazpi gau antolatu dituzte ongi jatea gogoko duten zinezaleentzat, eta egun bakoitzean 80 lagunentzako menuak osatuko dituzte. Sailaren aurkezpena egin dute gaur Basque Culinary Centerren bertan, honakoek: Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko Zuzendaria, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Thomas Struck Berlingo Zinemaldiko Culinary Cinema saileko arduraduna.
Gastronomia ardatz duten zazpi filmek osatuko dute aurtengo eskaintza, eta guztiak ere ohikoa den afaria izango dute ondoren; puntako sukaldariek egindakoak guztiak. Filmeei dagokienean, sei estreinaldiak izango dira, eta bestea, berriz, Como agua para chocolate izango da. Aurkezpenean azaldu dutenez, lehen aldiz filmerako eta afarirako sarrera tiket berean erosteko aukera egongo da. “Aurten ere egitarau erakargarria osatu dugu. Hala, gure kulturaren bi jarduera garrantzitsu munduan zabaltzen saiatzen gara”, aipatu du Joxe Mari Aizegak. Gainera, beste berrikuntza bat ere izango du aurtengo sailak, izan ere, filmeen inguruan eztabaidatzeko eta hitz egiteko aukera izango dute jardueran parte hartzen duten guztiek; eta zinema aditu bat arituko da guztia zuzentzen.
EGITARAUA:
- Irailak 21, larunbata. Filma: Final Recipe. Sukaldariak: Dani Lopez (Kokotxa-Donostia) eta Roberto Ruiz (El Fronton-Tolosa).
- Irailak 22, igandea. Filma: Love and lemons. Sukaldaria: Jose Mari Arbelaitz (Arbelaitz-Donostia).
- Irailak 23, astelehena. Filma: Drops of heaven. Sukaldariak: Aizpea Oihaneder (Xarma-Donostia) eta Zuriñe Garcia (Andra Mari-Galdakao).
- Irailak 24, asteartea. Filma: Make hummus not war. Sukaldariak: Mikel Gallo (Ni neu) eta Josean Alija (Nerua-Bilbo).
- Irailak 25, asteazkena. Filma: True love story. Sukaldariak: Gorka Txapartegi (Alameda-Hondarribia) eta erabaki gabe dagoen beste sukaldari bat.
- Irailak 26, osteguna. Filma: Como agua para chocolate. Sukaldaria: Ruben Trincado (Mirador de Ulia).
- Irailak 27, ostirala. Filma: Jadoo. Sukaldariak: Erabaki gabe dagoen sukaldari indiar bat.


