Illunbeko akustika arazoak konpontzeko ohial bereziak jarri dituzte
Donostia Kirolak 60.000 euroko gastua egin du zezen plaza beste jarduera batzuetarako egokia izan dadin.
Saskibaloi partiden lekuko izan da bereziki Illunbeko zezen plaza azken urteetan, Gipuzkoa Basketek partidetarako kantxa jarri izan baitu bertan. Bestelako jardueretarako ere erabili izan da Illunbe, baina akustika arazoak sortu izan dira, soinu asko biltzen baitzen. Hala, guneak zituen akustika arazoen azterketa bat egin zuen iaz enpresa pribatu batek, eta txosten horren arabera, panel berezi batzuen bidez oihartzuna gutxituko litzateke. Azkenean, ordea, Donostia Kirolak bultzatuta, hogeita lau metro luze eta hiru metro zabaleko 44 oihal jarri dituzte, aukera merkeagoa baitzen.
Get in musika produktorak oihalak jarri ondorengo lehen kontzertuak antolatu ditu Illunben, eta aldaketak ikusteko bisita egin du gaur prentsarentzat. Zehazki, Pablo Alboran arituko da zuzenean ostiralean, eta uztailaren 30ean, berriz, Mar Knopfler. “Azken prestaketak egiten ari gara. Berez zezenplaza bat denez, eta zegoen soinua xurgatzeko inolako sistemarik. Orain, kirol patronatuak bultzatu du aldaketa, denetariko jarduerak egin daitezen. Beraz, jarritako ohial zuri bereziek soinua xurgatzen dute, eta soinua ez da behera itzultzen. Horrekin batera, teilatua irekitzeko aukera dagoenez, soinua irten egingo da, eta ez da arazorik egongo”, azaldu du Get In produktorako Amaia Ispizuak. “Azken kontzertuetan behin behineko ohial beltz batzuk jarri genituen, baina ez zen nahikoa. Orain, 60.000 euro gastatu ditu patronatuak, eta ziur gaude publikoak aldea nabarituko duela”, gehitu du Ispizuak. Dirudienez, oso ohiko neurria da eta beste gune batzuetan erabili izan dute.
Orain arte Get in produktorak Belodromoan antolatu izan ditu kontzertuak, baina aforoa gutxitu dutenez, askoz ere aukera hobea da beraientzat Illunbe erabiltzea. Gaur egun, 900 lagun inguru baino ezin dira sartu Belodromoan Get In-eko arduradunen arabera, eta lehen 9.000 lagun ere sar zitezkeen. “Donostian ez dago halako neurriko kontzertu bat egiteko beste lekurik. Larrialdi irteerek asko baldintzatzen dute”. Illunben, berriz, 10.000 lagun inguru sar daitezke, eta ostiraleko kontzertuan 7.000 lagun batzea espero dute.



