Intxaurrondora eramango dute DYAren egoitza nagusia
DYA Gipuzkoa 40. urteurrena ospatzen ari da, eta hainbat jarduera egin ditu bere lana erakutsi eta herritarrei eskerrak emateko.
Goizean goizetik DYAren koloreko puxika horiz bete dituzte itsasbazterra eta Bulebarra, eta Aquarium parean ere ‘DYA 40 urte, eskerrik asko’ mezua zeraman zepelin erraldoia aireratu dute.
Hasiera batean auto istripuetan laguntzeko elkartu zen lagun talde batek osatu zuen DYA. Baina pixkanaka garatzen eta jendartearen beharretara egokitzen joan dira, eta gaur egun larrialdiei erantzuteko boluntario sare garrantzitsua osatu dute Gipuzkoan. Dena dela, hasierako filosofiari eusten diote gaur egun ere, behar duenari laguntzea baita beraien lana.
Gaur 40 urte bete ditu DYA Gipuzkoak eta herritarrekin ospatu nahi izan du bere urtemuga. Hiru hondartzak eta Bulebarra horiz apaintzeaz gain, DYAko ibilgailu eta langileen bilkura egin dute Saguesen, 14:00ak aldera. Ondoren, ibilgailuak hartu eta DYAk guneak dituen herri guztietan zehar ibiliko dira.
40 urteak ospatzeko opari berezia jasoko dute gaur gainera, arratsaldean emango baitiete egoitza berria, Donostiako DYAren egoitza nagusia izango dena. Leku berria prestatzeko denbora beharko dute, baina Zorroagatik Intxaurrondoko Baratzategi 10 zenbakira pasako dira laister.
Egoitza berrian, tailerrak eta beste hainbat jarduera antolatzeko gune bat ere egokituko dute.
Berrogei urte bete ditu gaur DYAk baina ospakizunak urte guztira luzatuko dituzte. Hondamendiei buruzko jarduerak egingo dituzte Udako ikastaroetan, adibidez. Boluntarioen lana islatzen duen erakusketa ibiltari bat ere prestatu dute, eta urrian, familia guztiarentzako jardunaldi batzuk egingo dituzte Donostian.




