Lanpostu berriak sustatuko dituzte Altzan
Altza da langabezia tasarik altuena duen auzoa, %16a, eta bultzada berri bat emateko elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute Auzoa, Altzako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen elkarteak eta Sustapenak.
Bigarren urtez mantendu dute hitzarmena, Altzako merkataritzaren dinamizazioa eta kontsumoa bultzatzeko eta horrekin batera, lanpostu berrien sorrera sustatzeko.
Hiru ardatz izango ditu hitzarmenak:
-Hainbat jarduera egingo dituzte merkataritza nahiz ostalaritzan lanpostuak sortzeko.
-Altzatarrek auzoan bertan kontsumitzeko merkataritza dinamizatuko dute.
-Edonostia.net, Sustapenak Larratxon duen gunea mantenduko dute. Hemen, Donostiako Ekonomia Suspertzeko Planaren (DESP) zerbitzuen berri ematen zaie herritarrei. Aurten gainera, ahalegin berezia egingo dute Altzako dendetan teknologia berriak txertatzeko, auzotarren alfabetizazio digitalean aurrerapauso bat emanez.
Hala, DESParen programa eta neurrien informazioa eskainiko dute Larratxoko gunean 10:00etatik 14:00etara. Bertan, saio informatiboak, teknologia berrien promoziorako jarduerak, ekintzaileentzako tailerrak, enplegu aukeren azterketak, saltokiei lehiakortasuna bultzatzeko azterketak etab egingo dituzte.
Altza biziberritzeko egitasmo honen bitartez iaz besteren konturako 60 lanpostu sortu ziren, 28 enpresa berri jarri ziren abian eta auzoko saltokietan 25 azterketa baino gehiago egin ziren, adibidez. Maria Dolores Garrote, Auzoa elkarteko kidearen esanetan, “datu onak dira, baina Altzak bultzada handia behar du, beraz aurten ere emaitza onak lortzea espero dugu. Dena den, altzatarrak gustura daude egitasmo honekin, udala beraien errealitateaz jabetzen dela sentitzen baitute”.
Beste auzoei ere laguntza
Altzako langabezia tasa altua dela eta, ahalegin berezia egingo du udal gobernuak auzo horri bultzada emateko, baina besteetan ere hainbat jarduera egingo dituzte. Egia, Martutene, Loiola, Bidebieta eta Intxaurrondon adibidez, jarduera berri bat abian jarri nahi duten ekintzaileek laguntzak jasoko dituzte lokalak alokatzeko.



