Oposizioak betoa jarri die udalbatzarreko bi agerraldiri
Joan den astean onartutako bosgarren Euskara Plana eta gaur bertan aurkeztu dituzten Partaidetza zuzenaren jardunaldiak biharko udalbatzarrean aurkeztu behar zituzten hasiera batean, baina oposizioko alderdiek betoa jarri diete bi agerraldiei.
Legealdiko bi urtetan horrelakorik gertatzen den lehen aldia dela adierazi du udal gobernuak, eta oposizioaren jarrera salatu dute. Axier Jaka partaidetza zinegotziak azaldu duenez, “halako jarrerak ulertezinak dira; azken batean, betoaren ondorioz udal gobernuak ezingo die bere jardueren berri eman herritarrei osoko bilkuran, gobernuak herritarrei zuzentzeko duen organo gorenean”. Jakak adierazi duenez, erabaki hori gobernu taldeak sustatu nahi duen ereduaren aurka doa gainera; “hartu duten erabakiak aurrez aurre egiten du talka administrazioan gorde beharreko gardentasunaren printzipioarekin”.
Udal Gobernuak, biharko osoko bilkuran, sustatzen ari den parte hartze eredua azaldu nahi zien herritarrei, zehazki, zuzeneko parte hartzearen inguruan antolatu dituen jardunaldiak ezagutarazi nahi zituen, eta baita udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plana ere, joan den ostiralean Tokiko Gobernu Batzarrean onarturikoa. Bozemaileen Batzordeak, ordea, joan den astean galarazi egin zituen agerraldi horiek, PSE, PP eta EAJko ordezkarien aldeko botoarekin.
Jakak adierazi du bi gaiak lehentasunezkoak direla udal gobernuarentzat, eta ez duela jarrera hori ulertzen, batez ere kontuan hartuta gobernu taldeak nahi adina mozio aurkezten uzten diolako oposizioari, inolako mugarik jarri gabe. Hori horrela, nabarmendu du betoa are ulergaitzagoa dela agerraldiak parte hartzeari eta euskarari buruzkoak zirela aintzat hartuta.