Partaidetza zuzenaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte urrian
Urriaren 4an eta 5ean egingo dituzte jardunaldiak Miramar jauregian, eta lehen egunean Juan Karlos Izagirre alkateak hartuko du hitza, udaleko partaidetza eredua aztertzeko.
Udaleko Herritarren Partaidetza sailak antolatu ditu jardunaldiak, eta eremu lokalean partaidetza zuzenerako mekanismoen inguruko hausnarketa egitea izango dute helburu; herri kontsulten edo herri mugimenduen inguruan, adibidez.
Axier Jaka, partaidetza zinegotziak jardunaldi hauen garrantzia azpimarratu du. Bere hitzetan, “udal gobernu honen politikaren ardatzetako bat da herri partaidetza; politika eredu berri bat aldarrikatu nahi dugu, herritarrekin batera egiten dena, eta horretarako botere publikoa eta herritarren arteko elkarlana funtsezkoa da, horixe baita demokrazia ereduan sakontzeko bidea eta pertsonen beharrei eta nahiei erantzuteko modu bakarra”.
Jardunaldi hauek herri partaidetza zuzenaren inguruan hausnarketa egiteko aukera emango dute. “Erakunde, herri mugimendu, elkarte, eragile eta norbanakoekin batera arituko gara hausnarketa egiten eta herri partaidetza beharrezkotasunaz eztabaidatzen”, gaineratu du Jakak.
Herritarren partaidetzari dagokionean, eredu instituzionalak hiru oinarri nagusi izan behar dituela adierazi du Jakak: eredu ordezkatzailea, parte hartzailea eta zuzena. Bere esanetan, “gaur egun instituzio gehienek eredu ordezkatzailera mugatzen dute herritarrek politikan eragiteko duten modua, baina guk haratago joan nahi dugu, politika publikoak herritarrekin ere eraiki behar direla uste baitugu, azken batean, erakunde publikoek herritarren zerbitzura egon behar dute eta ez alderantziz”.
Bi egunetako jardunaldiak
Amaia Agirreolea, Partaidetza saileko arduradunak eman du jardunaldien berri. Urriaren 4an eta 5ean egingo dira, Miramar jauregian.
Lehen egunean, arratsaldez egingo da saioa. Juan Karlos Izagirre alkateak Donostiako udaleko partaidetza eredua azalduko du. Ondoren, solasaldi irekia egingo dute gaiaren inguruan.
Bigarren saioa egun osokoa izango da. Goizean, eremu lokalean oinarritzen den partaidetza politikoa erreferentziatzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Espainiako ereduak aztertuko dituzte; eta baita atzerriko eredu bat ere, Suizakoa hain zuzen ere. Arratsaldean, jasotako ekarpen guztiak eztabaidatuko dituzte.
Axier Jakak herritarrei, elkarte eta eragileei eta udaleko ordezkari politiko guztiei luzatu die jardunaldietan parte hartzeko gonbitea.



