Josu Ruiz eta Joxe Mari Aizega, hitzarmena sinatu duten unean. (Argazkia: E. Zabala
Hiriko ekonomia suspertzeko planaren barnean, bertako enpresei bultzada ematea da helburua.
Donostia Sustapenak hiriko ekonomia suspertzeko plana osatua du. Plan horren baitan, hitzarmen berri bat sinatu dute Donostia Sustapenak eta Basque Culinary Centerrek, gaur goizean. Zehazki, hiriko nekazariei eta elikagaien inguruan lan egiten dutenei bultzada ematea da helburua. Josu Ruiz Sustapen zinegotziak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak sinatu dute akordioa.
Azken batean, Basque Culinaryk duen bultzada aprobetxatuz, proiektu berriak sustatu nahi dituzte, eta elkarlana bultzatu nahi dute bertako enpresekin. Egitasmoa 2013-2014 urteen artean garatuko dela esan dute, eta Donostia Sustapenak 100.000 euro bideratuko ditu horretara.
Zazpi hildo nagusi izango ditu planak: Tokiko nekazaritza-klusterrarekin elkarlanean aritzea; finantziazio zehatzen bidez sektoreko enpresak laguntzea; Basque Culinary Centerreko ikasleentzat eta ekintzaile izan nahi dutenentzat sentsibilizazio modulu bat diseinatzea; aholkularitza berezitua eskaintzea jardunaldi edo ikastaroen bidez, besteak beste; elikagai eta gastronomia sektoreko nazioarteko jardunaldi bat antolatzea; turismoa eta gastronomia sustatzea; eta tokiko ekoizleen nazioartekotzea sustatzea.