Illunbe. (Argazkia: Nagore Koch)
Orain arte auzitara eramandako kontu guztiak kentzearen truke 2.784.000 euro jasoko dituzte txoperatarrek kalte-ordainetan.
Badirudi Illunbe auzia bere bukaerara iristen ari dela. Juan Karlos Izagirre alkatea komunikabideen aurrean agertu da, eta gaur goizean Txopera familiarekin bildu direla jakinarazi du. “Hitzarmen bat sinatu dugu gobernu batzordeak eta Nuevo Desarrollo de Anoetako arduradunek. 2.784.000 euro emango dizkiegu kalte-ordainetan, beraiek 24 orduan auzi guztiak bertan behera uztearen truke”, azaldu du alkateak.
Kontuaren inguruan jasotako azken berrien arabera, 8 milioi eskatzen zizkieten txoperatarrek udalari, baina lortutako akordioari esker, 2,7 milioi baino ez dizkio ordaindu beharko. “Donostiar guztientzat onena zen kontu hau auzitegietatik ateratzea”, aipatu du alkateak. Beraz, adostutakoarekin pozik agertu da eta hiriarentzat onena zela iritzi du.
Ordainketa hiru txandatan egingo du udalak; aurtengo abuztuaren 16an, 2014koan, eta 2015ekoan.