Intxhaurgunea proiektua diruz lagundu du udalak
Tokiko Gobernu Batzordeak Intxhaurgunea proiektuari 2.700 euroko dirulaguntza emateko ebazpena onartu du. Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak urtean zehar proiektua gauzatzeko, mantentzeko eta materiala eta jolasak erosteko bideratuko du dirua. Intxhaurgunea Intxaurrondoko Elkarte Gunean (Lizardi Kalea, 25) kokaturiko proiektua da, eta honetan bertan espazio ludiko bat dago zabalik 0 eta 5 urte bitarteko haurrentzat. Egunero dago irekia, astelehenetik ostiralera, arratsaldez 16:30tatik 19:00etara, eta larunbata eta igandetan, goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:30tatik 19:30tara. Haurrak gurasoekin batera jolastera joateko espazioa eskaintzen da bertan. Iaz jarri zen martxan proiektua eta honezkero 30 gurasok hartzen dute parte bertan.
Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak azaldu du ekimen txalogarria dela, eta esperientzia pilotu gisa eredugarri izan daitekeela hiriko beste auzoetan ere horrelako proiektuak garatzeko: “Proiektu honen atzean inplikazio, konpromiso eta lan metodologia serio bat dago, eta, gure ustez, behar-beharrezkoak dira horrelako espazioak, izan ere, haurtzaroan finkatzen da umeen oinarri emozionala eta adin horretan oso inportanteak dira jolasak; jolasak familiarekin, gurasoekin, lagunekin eta bestelako haur zein helduekin. Proiektu hau haurtzaroaren alde egiten ari garen apustuaren baitan kokatzen dela”.