Orreaga eta Santiago arteko bidea 24 orduan egin nahi du Mikel Azparrenek
Bizikleta gaineko erronka abuztuaren 17an burutzeko asmoa du donostiarrak.
Mikel Azparren donostiarrak erronkak gogoko ditu, eta ez dago geldirik egoteko prest. Bere hurrengo abenturaren berri eman du udaletxean, gaur goizean. Bizikleta gainean, Santiago Bidea egitea bururatu zaio, Orreagatik hasita; eta hasiera batean ohiko kontua dirudien arren, badu bere zailtasuna, 24 ordutan egin nahi baitu ibilbidea. ‘Orreaga-Santiago 24 ordutan’ jarri dio izena erronkari, eta abuztuaren 17an egiteko asmoa du. “Ezagutzen nautenek badakite ez dakidala geldik egoten”, aipatu du Azparrenek. Ibilbide guztia bizikletatik ia jaitsi gabe egiteko asmoa du, eta noski, lo egiteko tarterik ez du hartuko.
Skoda auto markak logistika kontuekin lagunduko dio, Orbea bizikleta markak beharrezko material guztia utziko dio, eta Donostiako udalak ibilbidean laguntzak emango dizkio. Azparren abuztuaren 16ko gaueko hamabietan irtengo da Orreagatik, eta ordutegi bat osatu dute, herri bakoitzetik zein ordutan igaroko den kalkulatuz. Beraz, ordutegi horren arabera, Donostiako udalak abixua pasako die gainontzeko udalerriei, leku bakoitzetik zein ordutan igaroko den jakin dezaten, ibilbidean arazorik izan ez dezan.
Hiru gako nagusi izango ditu probak Azparrenen iritziz: ongi entrenatuta eta ondo elikatuta egotea, eguraldia ona izatea, eta fisikoki eta psikologikoki ongi prestatua egotea gaua lorik egin gabe igarotzeko. Gutxi gora-behera 30 kilometro orduko abiaduran joan beharko du Azparrenek, baina lehenengo 400 kilometroetan 36 kilometro orduko egiten saiatuko dela esan du, ondoren pilatuko duen nekea dela eta. Proba prestatzen bi hilabete eta erdi inguru daramatza Azparrenek, eta egitea lortzen duen kilometro bakoitzeko euro bat emango dio Ciclismo solidario gobernuz kanpoko erakundeari.