Aste Nagusia, Guardetxeko talaiatik
Gaur (abuztuak 10) eta hurrengo larunbata (abuztuak 17) bitartean zabalik izango da egunero 18:00etatik aurrera.
Aste Nagusi lasaiago bat bilatzen dutenek Guardetxean aurki dezakete euren gustuko txoko bat. Gauean suak ikusteko, afaltzeko, bertako liburutegia ezagutzeko… Guardetxeak ateak irekiko ditu gaur (abuztuak 10) eta hurrengo larunbata (abuztuak 17) bitartean. Arratsaldean zabalduko dituzte ateak, 18:00etan.
Gainera, abuztuaren 15ean, 16an eta 17an emanaldiak izango dira Guardetxeko terrazan, 22:00etatik aurrera. Klown ikuskizun bat egingo du ostegunean Angi Amayak. Duo do Portu bikotea ostiralean ariko da kantuan. Gilberto Gil, Caetano Veloso, Jorge Ben eta Joao Gilbertoren kantak abesten dituzte akustikoan. Reggae erritmoak ere jotzen dituzte, Bobby Hebb eta James Hunterren kanten bidez. Hurrengo larunbatean Andoni Oilokiegi Olaetxea eta Ander Juaristi Alamosen txanda izango da. Rock kanta ezagunenen bertsioak eskainiko dituzte gazteleraz, euskaraz eta ingelesez.