(Argazkia: Nerea Lizarralde)
Hiriaren Bigarren Mendeurrena gogoan, kanoikada berezia piztu du Luis Mokoroak, Gastronomikako artillari nagusiak.
Festa lehertu da Donostian; Aste Nagusia piztu du kanoikadak. Eta ez nolanahikoa gainera. Kanoikadaren danbadak mila kolorez bete du Alderdi Eder. Luis Mokoroak Gastronomikako artillari nagusiak jo du kanoi danbada, eta ohiko ke gris lodiaren ondoren egin du eztanda euri koloretsu batek.
Gastronomikako ohorezko batailoia eta Alderdi Ederren elkartutako jendetza, ordea, ez dira jaietako protagonista bakarrak izan. Jaiak lehertu baino lehen, festetako boluntarioak igo dira taula gainera. Izan ere, boluntarioak omendu ditu udalak, urtez urte jaien alde musutruk egindako lana aitortzeko. Udal ordezkariekin batera kantatu dute Artillero. Kantatu, eta dantzatu ere bai. Juan Karlos Izagirre alkatea, Enrique Ramos PSE-EEko zinegotzia, PPko Maria Jesus Usandizaga, PPko Iñigo Arcauz eta beste hainbat ordezkarik festetako boluntarioak hartu dituzte dantzakide gisa.