Mattik Stop Kaleratzeak kolektiboari emango dio ahotsa
http://youtu.be/5BNi33uJYS0
Piraten txupina Stop Kaleratzeak kolektiboko kideek piztuko dute aurten. Haiek izango dira aurtengo omenduak, eta haiek sartuko dira Matti pertsonaiaren larruan. Izan ere, Donostiako Piraten Ezkila kapitainak jai herrikoi eta parte hartzaileen aldeko aldarria dakarren bezala, Mattik herriaren eta herritarren alde lanean ari diren eragile, elkarte edo norbanakoak goraipatzen ditu. Iaz Martuteneko bizilagunak omendu zituen, uholdeen ondoren, eta auzolana oinarri, erakutsi zuten jarrerarengatik.
Mattiren ahotsa, beraz, etxe kaleratzea pairatu duten lagunei eskainiko diote piratek: “Kaltetuek beraiek, Stop Etxe Kaleratzeak kolektiboarekin batera, izugarrikeria hau ikusgarri egin eta erantzuleak guztion bistara jartzea lortu dute. Eta elkartasun lezio hori eman dutelako, Donostiako Piratak mugimendutik jaiez gurekin gozatzera gonbidatu nahi izan ditugu”.