Amaia Aramendik eta Amaia Fernandezek prestatu dute entsaladilla onena
Gastronomiazko Anaiarteak eta Slow Food Donostia elkarteak antolatuta, entsaladilla lehiaketaren bigarren ekitaldia egin dute gaur Bretxa merkataritza gunearen kanpoaldean. 14 eta 22 urte bitarteko gazteek hartu dute parte, sukaldaritza arloan Donostian harrobi oparoa badagoela erakutsiz. Entsaladilla onena prestatzeko nor baino nor aritu dira hamaika talde, eta bakoitzak bere erara sukaldatu du; hori bai, bertako produktuak erabilita. Honela izanik, itxura desberdinetako emaitzak ikusi ahal izan badira ere, denak kalitateak eskaintzen duen zaporearekin prestatu dituzte.
Lehiaketa hasi aurretik, lehiakideei zenbait gomendio luzatu dizkiete antolatzaileek, baita erabili beharreko elikagaien berri eman ere. Gastronomiazko Anaiarteko ordezkari Luis Mokoroak parte hartzaileen lana baloratzeko orduan epaimahaiak zer hartuko zuen kontutan aurreratu du. “Aurkezpena garrantzitsua da, zaporean berdintasuna egonez gero, begiak zer esaten digun erabakigarria izan daitekeelako”, azaldu du. Eta sukaldari gazteek ederki barneratu dute gomendio hori, platera modu egokian aurkeztu baitute; baserrietako meta itxurako entsaladilla, kasu batzuetan, originaltasunaren izenean.
Haien eskura jarritako elikagaiak aukeratu eta gero, 45 minutu inguru izan dituzte parte hartzaileek entsaladilla osatzeko, eta plater desberdinak irten dira haien esku eta irudimenetik. Jende ugari bildu da lehiaketa ikusteko; parte hartzaileen senideak, tartean. Epaimahaiak ordu erdi behar izan du irabazlea aukeratzeko. Azkenean, txapela eta 200 euroko lehen saria Amaia Aramendi eta Amaia Fernandezek irabazi dute; Alde Zaharra eta Amarako bi Amaiek osatutako bikoteak, hain zuzen ere. Bigarren postuan The Russian Niggas taldea geratu da, bi mutilez osatutakoa. Hirugarren postuan Salty and Piquant sailkatu dira. Sarak sari, parte hartzaile guztiek poltsa bat jaso dute opari, edari eta elikagaiekin.
- Amaia Aramendi eta Amaia Fernandez, entsaladilla onenarekin. (Argazkia: Aritz Sorzabal)



















