
Txirrindulari eta patinatzaileei zuzendutako martxa bat egin dute goizean. Donostiroller elkarteak antolatuta, Aste Nagusian egin ohi duten jarduera honen laugarren ekitaldia izan da.
Tropel handia bildu da Saguesen, eta denak batera hiria zeharkatu dute, Antiguaranzko norabidean. Behin Benta Berrin, Saguesera itzuli dira, irteera ez ezik, helmuga ere hortxe ezarri dutelako. Haur ugari izan dira martxan, gurasoek lagunduta. Ordu eta laurden inguru behar izan dute guztiek ibilbidea osatzeko, erritmo lasai batean, tropela hautsi gabe. Gozatzeko jarduera izan da, lehia kutsurik gabe. Hala ere, bat baino gehiago izerdi patzetan iritsi da helmugara.