Barrenean aritu dira Trinitate plazan
Trinitate plazako frontoian pilotan aritu dira bi orduz, 10:00etatik 12:00ak bitartean, Aste Nagusiaren barruan. Frontoiaren erdi batean pilotan ikasten ibili diren bitartean, beste erdian, frontisa lagun, barrene jokoan lehiatu dira hainbat haur. Alde Zaharra Kirol Elkarteko kide Iñaki Fernandez izan da jardueraren arduraduna, eta berarekin batera zenbait begirale gazte aritu dira barrene jokoa zuzentzen. Tanto ederrak ikusi dira, eta inguruan zeuden gurasoek arreta handiz jarraitu dituzte euren semeen partidak. Neskarik ez da izan barrenean. Hori bai, gutxi izan badira ere, pilota astintzen neska bat baino gehiago aritu da frontoiaren beste aldean.
Asteazkenean eta ostiralean ere antolatuko dituzte barreneak. Trinitate plazan izango da, 10:00etatik aurrera.