
Maddalen Lizaso. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Maddalen Lizaso antolakuntza lanetan dabil piratak baltsak muntatzen ari diren bitartean. Peto horia soinean, gazteak bideratzen ari da, nondik nora joan behar duten adieraziz. IRUTXULOKO HITZArekin hitz egiteko tartetxo bat ere hartu du. “Pixkanaka nahiko era ordenatuan iristen ari dira baltsa guztiak. Erregistroan izena eman eta pultsera hartzen dute. Gero filtrotik pasatzen dira eta baltsak muntatzera joaten dira”, azaldu du Lizasok.
Aurten piratak aurreko urteetan baino lasaiago dabiltza Lizasoren esanetan. “Zirkulazioa kontrolatu behar dugu, eta aurten arrantzaleen kamioiak ez daudela nabaritzen da. Jendea portura bideratzen dugu eta badakite zer dagoen, askotan parte hartu izan dute. Bestetan galdetu izan digute ‘noiz emango digute baltsa?’ edo ‘noiz emango digute bazkaria?’, baina aurten ez. Aurpegi txar gehiago eta errieta gehiago egon izan dira beste urte batzuetan”.
Arratsaldean lan egin beharko du, beraz, ezingo du baltsarekin uretaratu. “Konturatzen zarenerako txupina botatzen dute. Aukera edukita ere ez dakit aterako nintzatekeen, gero, gainera, jasoketa daukagu”.