Mikel Arzak gogoan izan dute Easo plazako bertso saioan
Aste Nagusiko lehen bertso saioa egin dute gaur eguerdian Easo plazan. Bertsolari handiak bildu dira plazako kioskoan: Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes, Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi añorgatarra. Beste donostiar batek parte hartu du saioan; Unai Elizasu gai jartzaileak, hain justu. Ohi bezala, plazan jarritako eserleku guztiak bete dituzte ikusleek, eta saioa zutik ikusi duten asko ere izan dira, eserlekuren faltan.
Saio atsegina izan da, gai freskoekin, horietako batzuk jaiekin lotuta. Hala ere, gai serioak ere jorratu dituzte bertsolariek. Beñat Gaztelumendik, esaterako, gogoeta egin du bizitzari buruz; uste baino laburragoa dela, alegia. Bere bertsoetan Mikel Arzak izan du gogoan, Urgulletik eroritako harkaitzak eragindako zauriengatik hildako 20 urteko donostiarra. “Puntu txiki bat baino ez gara itsasoaren erdian”, ondorioztatu du añorgatarrak.
Arkaitz Estiballes bizkaitarrak, bere aldetik, gipuzkoarrak aztoratu ditu bere bertsoekin. A-8 autobidea garestiegia dela Gipuzkoara gehiago etortzeko esan du, eta eskerrak eman dizkie donostiarrei, Bilbotik etorritako bertsolaria horren ondo hartzeagatik.
Uxue Alberdik eta Andoni Egañak ere bertso biribilak egin dituzte, baina Gaztelumendi nabarmendu da besteen gainetik; etxean jokatzeagatik, agian. Atzo txosnan turnoa egin zuela esan du, eta esnatu eta bertso saiora zuzenean etorri dela, “burua erren”. Ajea, baina, ez zaio nabaritu, azkar eta txukun ibili baita añorgatarra.
Beste bi bertso saio izango dira aukeran Aste Nagusian. Asteazkenean Maialen Lujanbio, Jon Maia, Alaia Martin eta Unai Gaztelumendi ariko dira; ostiralean, berriz, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Amaia Agirre eta Manex Mujika. Saio guztiak Easo plazan izango dira, 12:00etan.