Pirata Bihurriak: "Parte hartzen dutenak eragile bihurtzea nahi dugu"
http://youtu.be/na68EgHCCzY
Iazko Aste Nagusian, Pirata Bihurrien kofradiak bere lan taldea aurkeztu zuen. Euren asmo nagusia, haurrek egitarau propioa edukitzea da, aurretik egiten zen haurren eguna mantenduz. IRUTXULOKO HITZAK Kofradiako Alex eta Batix kideekin hitz egiteko aukera izan du, lan talde honek eskaintzen duena ezagutzeko asmoz.
Urte osoan zehar astero bildu izan dira Piraten Aste Nagusiaren barruan duten egitarau propioa prestatzeko. Ekitaldiak antolatzeaz gain, jendea ere erakarri dute, parte hartzen duten guraso eta umeak, hartzaile hutsak ez ezik, eragile bihurtu nahi dituztelako: “gure helburua guraso, ume eta aisialdi munduko begirale eta hezitzaileak elkartzea da, denon artean egitarau osatua eskaintzeko”.
Bestalde, gainontzeko kofradiekin alderatuta, beraien berezitasunetako bat soilik langileak direla da, hau da, orokorrean, ez dute eurek antolatutako ekitaldietan parte hartzen, lana bakarrik eskaintzen dute.
Aste Nagusiko egitarauan umeak alde batera zeudela nabaritu zuten eta horregatik egiten dute lan beraientzako. Gainera, umeei parte hartzea eta auzolana bezalako balioak irakatsi nahi dizkiete.

