
Tai jia egin dute Easo plazan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Tai-ji hastapen eskola zuzendu du Luis Enrique Perez maisuak, Amarako Easo plazan. Ikasturtean zehar Karmelo Balda kiroldegian ematen ditu eskolak Perezek, eta Aste Nagusian laugarren urtez jarraian ari da lanean. Ehun lagun inguruk parte hartu dute gaurko eskolan, eta zintzo asko bete dituzte Perezen esanak. Azken batean, tai-jia barrura begira egindako arte martziala dela azaldu du Perezek, eta berak estilo zabalduena irakasten duela, mugimendu lasaiak oinarri dituena.
Mugimenduak irakasten hasi aurretik, gorputzaren oinarrizko postura egokia zein izan behar den azaldu du maisuak: “hankak paraleloan jarri behar dira aldaken parean, eta pixka bat flexionatuak, eta bizkarra erlaxatua”. Ondoren, hainbat mugimendu eta ariketa egin dituzte ordubetez.
Tai-jia egin nahi duenak ostegunean ere aukera izango du, leku eta ordu berean; hau da, Easo plazan, 11:00etan.