Kontxako barandatik eroritako gaztea hil egin da
Eduar Lapiedra gazte valentziarra gaur zendu da.
Alkateak berak eman du albistearen berri: asteartean Kontxako barandatik eroritako gaztea hil egin da. Hondartzara sartzeko aurreneko arrapalaren aurrean gertatu zen ezbeharra. Barandan eserita zegoen, eta atzeraka erori zen. Harkaitz batzuen kontra jo zuen gazteak. Gazteak 26 urte zituen, eta oso larri zauritu zen.
Gaur, urtero bezala, Aste Nagusiko brindisa egin behar zuten udaletxean, baina bertan behera utzi dute. Ekitaldi honetan alderdi guztiak, hedabideak eta jaietako ordezkariak bilduta zeudenean eman du gaztearen heriotzaren berri alkateak. Hildako gaztearen familiari dolumina eta babes osoa adierazi dio alkateak. Brindisa bertan behera utzi dute, baina jaien egitarauak aurrera egingo duela adierazi du Juan Karlos Izagirrek: “Bizitzak aurrera jarraitzen du, eta jaiak ere bai. Mikel Arzak [Joan den astean Pasealeku Berrian hildako gazte donostiarra] eta Eduar Lapiedra gogoan izanik”.

