Eskifaia: "Koadrilek egunerokotasunean parte hartzea nahi dugu"
http://youtu.be/4b_hg5Wk_rI
Eskifaia Aste Nagusi Piratan sortu zen lehenengo kofradia da. Euren hastapenetan, taldea osatzen zuten hainbat lagun konturatu ziren gazteei zuzendutako ekimenak koadrilen egunera, abordaiara eta koadrilen jolasetara mugatzen zirela. Horren ondorioz, gazteei bideratutako egitarau propioa sortzea erabaki zuten.
Kofradiaren egun handia koadrilen eguna da, non ur jolasak eta bazkari herrikoiaz gain, kideek kantu dantzaz edo elektrotxarangaz gozatzeko aukera izaten dute. Asteazkeneko koadrilen jolasek ere arrakasta handia daukate. Izan ere, aurten 600 gazte inguru aritu dira lehian.
Hala ere, Maddalen Lizaso Eskifaiako kideak azpimarratzen duen moduan, euren helburua “egunerokotasunean koadrilek parte hartzea” da. Horretarako, Txapelski izeneko lehiaketa antolatu dute, gazteek egunero lagundu dezaten.
Aurtengo berezitasuna Kalejira ekimena izan da. “Honen bitartez beste hiriburuetako taldeekin Aste Nagusi bakoitzean festa aproposa prestatzen dugu”, azaldu digu Irati Elizalde Eskifaia kofradiako kidea.


