Urrezko Kopa zortzigarrenez irabazi du Floren Nazabalek
Floren Nazabal aizkolari nafarrak zortzigarren aldiz irabazi du Urrezko Kopa. Saio bikaina osatu du Etxarri Aranatzekoak Trinitate plazan, eta Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Jose Mari Olasagasti eta Joseba Otaegi –Unai Otaño ordezkatu du honek– baino azkarragoa izan da, hurrenez hurren. Garaileak 30 minutu eta 57 segundoko denbora behar izan du 54 ontzako 14 enbor mozteko, Donato Larretxeak 1995ean ezarritako errekorretik urrun –27 minutu eta 17 segundotan dago marka–. Hala ere, lan bikaina osatu du nafarrak, nahiz eta Aitzol Atutxa gazte bizkaitarra arerio gogorra izan. Honek 32 minutu eta 6 segundo behar izan ditu lana osatzeko.
Hirugarren posturako borrokan izan da Jose Mari Olasagasti igeldotarra, baina azkenean laugarren postuarekin konformatu behar izan du, 34 minutu eta 11 segundorekin. 54 urteko aizkolaria Urrezko Kopan inoiz lehiatu den partaide beteranoena izan da, eta lehen bi enborretan bigarren postuan ibili da, Nazabaletik gertu. Indarra falta izan zaio, baina, erritmo horri eusteko. Igeldotarraren aurretik, hirugarren postuan, Iñaki Azurmendi beasaindarra sailkatu da, 33 minutu eta 21 segundorekin. Bosgarren Joseba Otaegi zizurkildarra izan da, 36 minutu eta 19 segundorekin.
- Aizkolariak Urrezko Kopako aurreko txapelketa batean.
- Urrezko Kopako aizkolariak Trinitate plazan. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)






















