
Irati Mendia, zeharkaldia bukatu ostean. (Argazkia: E. Zabala)
Irati Mendia gaztea da, baina esperientzia du igeriketa zeharkaldietan. Gaurkoan, lehen emakumea izatea lortu du, iaz bezala, eta gainera, laugarrena izan da helmuga igarotzen. “Aurreko urteetan baino jende gehiagok parte hartu du, eta irteeran zegoen jendetzarekin irristatu egin naiz hondarretan. Gero gutxinaka aurreruntz egin dut eta aurreko tropela harrapatzea lortu dut, baina atzetik jarraitu diet. Olatuekin kosta egin zait aurrera egitea, zeharkaldi honetan olatuekin batera eta bestera joatea da gogorrena. Bukaeran dena eman dut, hor jokatzen zen irabazlea eta gustura nago beraiekin aurrean iristeaz”, adierazi dio Mendiak IRUTXULOKO HITZAri.
Azken batean, ur irekietako igerilaria da Mendia, eta bere maila nabaria da. “Espainiako txapelketetan parte hartzen dut ur irekietako espezialitatean eta Espainiako Selekzioarekin ere joan izan naiz. Ongi moldatzen naiz. Aurten bost zeharkaldi egin ditugu eta horietako bietan gizonezkoen aurretik geratzea lortu dut. Orduan, gaur gizonezkoekin aurrean ibiltzea espero nuen”, gehitu du Mendiak. Laster Kantabrian eta Bermeon izango diren zeharkaldietan parte hartzeko asmoa du.