Arratsaldero kaleak alaitzeaz gain, gaixo dauden haurrei laguntzeko elkartasun kamisetak salgai jarri ditu erraldoi eta buruhandien Itzurun konpartsak.

Jon Intxaurraga Itzurun-eko kidea, salgai dauzkaten kamisetetako bat soinean duela. (Argazkia: E. Zabala)
Ekimen Erraldoia abian jarri Itzurun konpartsak; iaz egin zuten moduan, elkartasun kamisetak egin dituzte.
Itzurun konpartsak arratsaldero alaitzen ditu hiriko kaleak Aste Nagusiak irauten duen bitartean, 18:30etik aurrera. Erraldoi, buruhandi eta musikarien artean ehun lagun inguruk osatzen dute konpartsa eta kaleak alaitzeaz gain, Ekimen Erraldoia abian jarri dute. Hala, iaz egin zuten moduan, elkartasun kamisetak egin dituzte. Iaz 500 kamiseta saldu zituzten, eta bildutako dirua Inbiomed ikerkuntza enpresarentzat bideratu zuten, haurren leuzemia iker zezan.
Aurten, berriz, 1.500 kamiseta jarri dituzte salgai, eta astebetean 1.000 baino gehiago saltzea lortu dute. Hiriko Super Amara guztietan eros daitezke kamisetak 10 euroren truke, eta Aspanogi elkartearentzat izango dira lortutako irabaziak, Onkologikoko haurren gurasoen elkartearentzat. Itzuruneko Jon Intxaurragarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, eta guztiaren berri zehatza jaso du. “1.500 kamiseta saltzea da gure helburua, ahalik eta diru gehien biltzeko. Hiru koloretan atera ditugu, zuriak, urdin argiak eta arrosak. Marrazkia gure konpartsako kide batek egin du, eta The Beatles-en
Abbey Road diskoaren azalean oinarritua dago. Kantinera eta kantinero buruhandiak, eta erraldoi gipuzkoarrak ageri dira”, azaldu du Intxaurragak.
Bestetik, argazki lehiaketa ere antolatu du Itzurunek. Aste Nagusia da gaia, eta irabazleak konpartsaren kamiseta bat irabaziko du. Argazkiak
itzurunss@gmail.com posta elektronikora bidal daitezke, edo Itzurunen Facebook orrialdera eta Twitter kontura ere bideratu daitezke. “Badakigu zaila izango dela onena aukeratzea, bakoitzak bere gustuak dituelako, baina onenak irabaztea nahi dugu”.
Larunbatean, agur berezia
Gainontzean ere pozik daude Itzuruneko kideak Aste Nagusiko jardunarekin. “Jende asko hurbildu zaigu, haur eta guraso asko, eta eguraldiarekin oso zorte ona izaten ari gara. Aurten, gainera, erraldoi eta buruhandien elkarretaratzea egin dugu eta urte biribila egingo dugula uste dut”, gehitu du Intxaurragak. Euren jardunean bi kontu nabarmendu ditu: “Erraldoiek haizearen arriskua izaten dute, kontuz ibili behar dute, eta buruhandiok bero handia pasatzen dugu. Egun gogorrak dira baina politak, merezi du hona etortzeak. Umeek egiten diguten harrera zoragarria da”. Haurrentzako tailerra ere egin zuten Itzuruneko kideek asteartean, eta gaixo dauden haurrak bisitatzen ere izan dira ospitalean. Intxaurragak lau urte daramatza konpartsan eta oso pozik dago: “Merezi du, plazer bat da”.
Aste Nagusiari agur berezia egingo dio Itzurun konpartsak larunbatean. Irteera Zuloaga plazatik egingo dute, 20:30ean. “Dantzak, suak, koloreak…. dena nahastuko dugu. Gonbidatuak zaudete guztiak ongi pasatzera eta gozatzera. Datorren urtera arte agur esateko modua izango da”.
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
Itzurun konpartsako buruhandiak. (Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
Itzurun konpartsa. (Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)