
(Argazkia: E. Zabala)
Peru Alfarok behin baino gehiagotan irabazi izan du Pasealeku Berriko Igeriketa Zeharkaldia. Gaurkoan Luis Goñi lagunarekin batera izan da txapelduna. “Hasieran Luis joan da aurretik eta sei igerilari joan gara elkarrekin; bost mutil eta neska bat, Irati Mendia. Aurrerago, 1.000 metro falta zirenean, erritmoa azkartu du Luisek, eta hiru iritsi gara bukaerara nahiko batera”, azaldu dio Alfarok IRUTXULOKO HITZAri. Azken batean, bazekien aurrean ibiliko zela, nork irabaziko zuen argi ez bazegoen ere. “Zeharkaldi hauetan marka ez da oso garrantzitsua izaten. Igerian ahalik eta azkarren joaten gara, eta badakigu zeintzuk ibiltzen garen aurrean. Lehenengoak geratu gara eta gustura gaude”. Edonola, triatloietan berezitu da Alfaro, eta zeharkaldiak bukatu zaizkio aurtengoz. “Triatloietan aritzen naiz eta zeharkaldiak entrenamendu moduan hartzen ditut. Laster Espainiako Triatloi Txapelketan parte hartuko dut, eta aurtengoz igeriketa saioak bukatu ditut”, gehitu du Alfarok. Luis Goñi ere pozik zegoen lortutako garaipenarekin: “Egunero elkarrekin entrenatzen dugu Etxadin, elkar ezagutzen dugu eta pena ematen zidan batek irabazteak. Biak batera sartzea erabaki dugu”.