
txalupa puzgarrietan jolasean aritu dira haurrak helduen eta dinamizatzaileen laguntzarekin. (Argazkia: E. Zabala)
Donostiako piraten egitaraua geroz eta zabalagoa da, eta asteleheneko Abordatzeaz gain, Abordatze Txikiak ere arrakasta ederra izan du gaurkoan. Pirata Bihurrien kofradiak abordatze ederra antolatu du kaian haurrentzako, eta partaidetza handia lortu du. Iaz La Flamenka inguruan igerileku bat jarri zuten eta bertan aritu ziren umeak jolasean; aurten, ordea, kaiko arranpan egin dute abordatzea, txalupa puzgarri eta guzti.
Ezkila kapitainak eman dio Abordatze Txikiari hasiera, 17:30 inguruan, “Izan pirata! Izan bihurri! abordatzera!” oihukatuz. Txupina bota dute, eta ondoren jaia hasi da. Hamar txalupa puzgarri jarri dituzte, eta txalupa bakoitzean bi haur eta heldu bat sartu dira. Talde bakoitzak bi koloreko bandera bat zeukan, eta kolore horietako batekoa zen zapia hartu behar zuen aurrekaldean zegoen panel puzgarritik. Zapiak zeuden tokira iristeko gogor astindu behar izan dituzte besoak. Ondoren, banderako beste koloreko zapia zuen taldearekin elkartu eta lehorrera itzuli behar izan dute. Haurrek primeran pasa dute, baita gurasoek ere. Hainbat txanda egin behar izan dituzte, haur asko elkartu baitira gaurko abordatzerako.