Preso dauden donostiarrak ditu gogoan Xibaro 77+ kofradiak
http://youtu.be/o_RHb8ZcVOk
Sardiñerak eta Mokorekin batera, aurtengo kofradia berrietako bat da.
Xibaro 77+ kofradia berriak ongi pentsatutako izena aukeratu du. Garai batean jabeei aurre eginez, matxinatu eta piratei laguntza eskaintzen zieten esklabuei deitzen zitzaien xibaroak. Eta 77, berriz, gaur egun espetxean dauden donostiarrak dira. Haiek gogoan izanik eta haien ekarpenak aintzakotzat hartuz sortu dute kofradia aurtengo jaietarako.
Aiora Auzmendi, Xibaro 77+ kofradiako kidearen arabera, izen aldagarria dute, ordea. Bere esanetan, “77 xibaro edo matxinatu horiek gutxitzea da gure nahia, xibaroen beharrik ez dugun arte”.
Bien bitartean, presoak present ditu kofradia berriak bere jarduera guztietan. Horietako asko gainerako kofradiekin lehiatzean oinarritzen dira gainera. Ikusi besterik ez dago eurek sortutako bideoen bitartez zer nolako norgehiagokak eta erronkak pizten dituzten Eskifaia kofradiakoekin, esaterako.
Festa giroan gauzatzen dira erronka horiek eta egunero dute zereginen bat, baina Xibaro 77+ kofradiaren egun handia larunbata izango da. Bazkaria, karaokea, dantza eta giro ona ziurtatuak omen dituzte, beraz, herritar orori luzatu diete festan parte hartzeko gonbitea.


