Jogurt eta txokolatezkoak dira gehien eskatzen dituztenak
http://youtu.be/4zYb2A2OZKc
Su artifizialen 50. urteurrena dela eta, 500 izozki banatu dituzte Alderdi Ederren.
Han eta hemen, hiriko hainbat txokotan ikusten dira herritar multzoak ikuskizunen bati begira, baina Alderdi Ederren doan banatu dituzten izozkien ingurura bildu dira gehienak. Eguerdiko eguzkiak gogoz berotuta ere, jendeak presarik gabe egin du ilara bere izozkia hartzeko.
Su artifizialek berrogeita hamar betetzen dituztela ospatu nahi dute horrela. Suen aurretik edo ondoren izozki bat jatea ohitura bihurtu da, baina egunez ere gustura jan dute izozkia herritarrek eta baita atzerritarrek ere. Nahi adina zapore aukeran, eta txanponik atera beharrik ez gainera.
Izozki banatzaileak ere topera, beren inguruan bildu diren herritar, bisitari eta argazkilariak ezin baztertuz. Jogurtezkoa eta txokolatezkoa eskatzen omen du jendeak gehiena, baina edozein zapore izanda ere, gustura hartu du bere jendeak.
Izozkia hartu eta irteeran, sorpresa txiki bat ere izan dute. Argazkilari elkarteko kideek apaingarri batzuk jarri eta argazkiak ateratzen aritu dira jendeari, beren izozki eta guzti. Argazki horiek guztiak beraien webgunean zintzilikatuko dituzte gero.






