
Herritarron epaiari harrera egin diote kaian. (Argazkia: E. Zabala)
Herritarron epaia Donostiara iritsi da gaur eguerdian, Euskal Herriko hainbat herritatik igaro ostean, eta harrera egin diote hainbat donostiarrek. Euskal presoen aldeko ekitaldia izan da Herrirak eta piraten Xibaro 77+ kofradiak antolatu dutena. Herritarron epaia liburu handi batean jasoa dago, eta bertan, hainbat herritarren ekarpenak biltzen ditu: esaldiak, marrazkiak, argazkiak… guztia, 197/2006 doktrinari etena emateko eskatuz. “197/2006 doktrinak Euskal presoen giza eskubideen urraketa larria suposatzen du” dio Herrirak, eta bertan behera geratzea nahi du.
Itsasontziz iritsi da epaia Donostiara, eta txalaparta doinuekin batera sartu da kaira. Hainbat herritar ongi etorria egiteko zain zituen, eta guztiak elkarrekin kalejiran joan dira Nautiko pareraino. Bertan, euskal presoen sakabanaketa salatu dute, “sufrimendua eta samina” besterik ez dakartzala gogoraraziz. Herriraren arabera, Donostian sei presori luzatu diete zigorra doktrina aplikatuz, eta horretaz gain, espetxean 20 urte baino gehiago daramatzaten presoak 10 direla diote.
Aurten kaleratutako donostirrak ere gogoratu dituzte; eta horietako bi, Asier Coloma eta Markel Ormazabal, eszenatoki gainera igo dira, eta zapi bana oparitu diete txalo artean. Ondoren, Colomak hartu du hitza. “Eskerrak eman nahi dizkizuegu benetan. Kalean egindako edozein gauza txikik espetxean sekulako indarra hartzen du”, adierazi du Colomak. Unai Gaztelumendi añorgatarrak bertso bat bota du, eta “preso guztiak etxeratzea da herritarron epaia” abestuz bukatu du.
Gogorarazi dute gaur gauean, 21:30ean, Easo plazan kandelen piztea egingo dutela presoen alde. Bukatzeko, argazkia atera dute elkarrekin bertaratutako guztiek, hala, Herritarron epaia daraman liburuan gehituko dute argazkia.
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
Markel Ormazabal eta Asier Coloma preso ohiak. (Argazkia: E. Zabala)
-
-
Pintxoak salgai izan dituzte. (Argazkia: E. Zabala)
-
-
Unai Gaztelumendi bertsolaria. (Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
Talde argazkia atera dute Herritarron epaia daraman liburuan txertatzeko. (Argazkia: E. Zabala)