
22 bikotek parte hartu dute aurtengo marmitako lehiaketan. (Argazkia: E. Zabala)
Aste Nagusiko VI. Marmitako lehiaketa jokatu dute Konstituzio plazan, gaur goizean. Guztira, 22 bikote lehiatu dira, eta plazan bertan atondutako postuetan aritu dira euren marmitakoak prestatzen. Sua, lapikoa, hegaluzea, patata, olioa, piper berdeak, txorizoa…. osagai guztiak prestatu eta gogor lan egin dute ahalik eta marmitako onenak prestatzeko. Partaideetako batzuekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk euren esperientziaren berri jasotzeko.

Txirain Elkarteko Jon Azpirotz eta Iñaki Ibero. (Argazkia: E. Zabala)
Jon Azpirotz: “Iñaki betidanik dabil sukaldean, baina ni orain arte elkartean bakarrik aritu naiz”
Antiguako Txirain elkarteko Jon Azpirotzek eta Iñaki Iberok bigarren urtez jarraian parte hartu dute lehiaketan, eta iaz despistatuak ibili ziren arren, aurten ziurrago etorri direla baieztatu dute. “Lehenengo lapikoa urarekin prestatzen dugu, eta olioa botatzen diogu. Gero, barazkiak egiten ditugu eta prest daudenean patatak bota eta buelta azkar bat ematen diegu. Gero, ardo txuri pixka bat bota, eta patatak egosten ditugu. Azken momentuan hegaluzea botatzen diogu, eta kitto”, azaldu du Iberok. Sukaldari nagusia Ibero bera izan da, eta bere aginduetara izan du Azpirotz; “ez dit kasu handiegirik egiten”, aipatu du txantxetan Iberok. “Iñaki betidanik dabil sukaldean, baina ni orain arte elkartean bakarrik aritu naiz. Bizitzaren kasualitateak direla eta orain biak alargun gaude, eta etxean ere aritzen gara. Ni orain ari naiz ikasten”, azaldu du Azpirotzek. Gainera, Iberok besoan igeltsua zuela lan egin du, baina Azpirotzen laguntzari esker ongi moldatu dira bi lagunak.

Zubi Musu elkarteko Jose Juan Ijurko eta Xabier Mendizabal. (Argazkia: E. Zabala)
Xabier Mendizabal: “Gure formularekin fidelak gara”
Zubi musu elkarteko Xabier Mendizabal eta Jose Juan Ijurkok beti parte hartzen dute lehiaketan, eta bi txandatan irabazleak izan dira gainera; euren sekretuaren berri eman dute. “Barazkiak poliki-poliki egiten ditugu, eta hori izaten da gure marmitakoaren oinarria. Gero, hegaluzea eta patatak gehitzen ditugu. Salda bat ere egiten dugu barazkiekin eta hegaluzearen kondarrekin”, azaldu du Mendizabalek. “Badakigu beste era batzuetara egiten dutela, baina gure formularekin fidelak gara”, gehitu du.

Daltonyanseko Javi Beraza. (Argazkia: E. Zabala)
Javi Beraza: “Urtero berdin egiten dugu, eta ez dugu sekula irabazten”
Daltonyanseko Javi Berazak bere marmitakoaren prozesua ere argitu du. “Tipula, piper berdea, baratxuri pixka bat eta piper txorizeroak egin ditugu lehenengo. Txakolin pixka bat gehitu diogu, eta patatak eta hegaluzea”, aipatu du Berazak. “Urtero berdin egiten dugu, eta ez dugu sekula irabazten”, gehitu du. Azken batean, ondoren lagunekin bazkari bat egiteko aitzakia izaten dute.