
Pirofantasia su-etxeko kidea eta Nerea Txapartegi (Argazkia: E. Zabala)
Valentziakoak izan dira Donostiako Su Artifizialen 50. Nazioarteko Lehiaketako txapeldunak. Pretsaurrekoa egin dute Londres Hotelean gaur goizean, eta Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak jakinarazi du aurtengo su artifizialen lehiaketako Urrezko Maskorra Pirofantasia su-etxeak irabazi duela. “Artelan paregabea izan delako hasieratik bukaerara. Bilduma batek izan ditzakeen ezaugarri guztiak maila gorenean jasotzeagatik. Inoiz ikusi gabe erabilitako efektuengatik, koloreen nabardurengatik, egindako espazioaren erabileragatik, erritmoagatik, orijinaltasunagatik. Hitz batean, ikuskizun paregabea, fantasia erabiliaz. Irudika ezina dena lortu duen bilduma izan da. Epaimahaiak gainera, aho batez erabaki du saria berari ematea”, aipatu du Txapartegik Pirofantasia su-etxeak egindako jaurtiketaren inguruan. Beste hiru txandatan irabazi du Pirofantasiak Donostiako lehiaketa, eta laugarrena jaso du gaurkoan. Bigarren postuan ere Valentziako su-etxe bat geratu da, Ricasa; eta hirugarren postuan, berriz, Portugalgo Luso su-etxea.
Epaimahai gaztearen Euskaltel Saria Ricasa su-etxeak irabazi du, bigarren postuan geratu den berak. Miren Itxaso Etxabe epaimahai gazteko kideak sariaren zergatia azaldu du: “Primeran nahasi ditu efektu piroteknikoak eta altuera desberdinetako suak. Gainera, suen kolorea, argitasuna, erritmoa eta musikalitatea azpimarratzekoak iruditu zaizkigu”.
Orokorrean, aurtengo lehiaketa berezia dela nabarmendu du Txapartegik. “50. edizioan egunero-egunero ikuskizun apartak gozatu ditugu. Bilduma koloretsuak, diseinu ikusgarriak, eleganteak. Espazioaren erabilera trebea altueran eta zabaleran, perfekziorako burrunba hotsak gehituta”.
-
-
Prentsaurrekoko irudia. Ezkerrean, gazte epaimahaiko kideak. (Argazkia: E. Zabala)
-
-
Zilarrezko Maskorra Ricasarentzat izan da. (Argazkia: E. Zabala)
-
-
Brontzezko Maskorra Luso su-etxearentzat izan da. (Argazkia: E. Zabala)
-
-
Gazte epaiaren Euskaltel Saria Ricasa su-etxeak jaso du. (Argazkia: E. Zabala)