
Ander Iriarte, Donostiarrako patroia. (Argazkia: E. Zabala)
Estropada txukuna egin zuen Donostiarrak atzo, Kontxako banderaren lehen jardunaldian. Egindakoarekin gustura geratu ziren
Torrekua II traineruan aritutakoak, baita Xabier Zabala entrenatzailea bera ere. Izan ere, taldeko arraunlari bat baino gehiagok lehen aldiz parte hartu zuen Kontxako lehia handian, eta esperientziarik eza horren beldur ziren. Azken batean, lehenengotik minutu baten bueltan iristea espero zuten, eta horixe egin zuten, 20 minutu eta 20 segundoko denborarekin.
Ander Iriartek (Intxaurrondo, 1986) gidatu zuen hiriko trainerua Kontxako uretan barrena, bera baita Donostiarrako patroia. Iriarte ez da hasiberria, Arraun Lagunaken aritutakoa da, eta hirugarren urtez aritu da Kontxan, Donostia ordezkatzen duen traineruko patroi. Izan ere, Arraunen azken urtean aritu zen, baita Donostiarraren lehen urtean ere. Berarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk.
Zer moduz geratu zineten atzo egindako lanarekin?
Gure ideia estropada erlojupeko proba baten moduan hartzea zen, eta %100 ematea. Guztia ematea zaila izaten da, baina oso gertu ibili ginen eta oso gustura gaude egindakoarekin.
Zuen estropada egitera atera behar zenuten, baina Tiranek lehen txandan egindako denbora hori erreferentziatzat erabili zenuten?
Bai. Tiranengandik nola ginen esaten zidan uneoro Xabik zodiaketik. Joanekoan eusten ibili ginen, eta ziaboga 15 bat segundo atzetik hartu genuen, beraz, 10 minututan Tiranekiko 15 segundo bakarrik galtzea ongi zegoen. Barruan hori jakinda arraunlariak pixka bat gehiago estutu genituen.
Nola bizitzen da uretatik Kontxan izaten den giro izugarri hori?
Batez ere badia barnean zaudenean oihu asko entzuten dira, Urgulletik eta irlatik soinu asko iristen da. Hala ere, gurera joaten gara eta ez dugu gozatzeko denbora askorik izaten. Ondorengo momentuak dira onenak, Portuko arranpara iritsi eta jende guztia ikustean. Nabaritzen da geroz eta jende gehiago dagoela hiriko traineruaren alde, eta asko eskertzen da. Badirudi pixkanaka goruntz goazela.
Aste berezia datorkizue orain, ezta?
Pozik gaude estropada ona egin genuelako, eta astea gogoarekin hartuko dugu. Sei egun geratzen dira entrenatzeko eta guztia emango dugu.
Helbururen bat jarriko duzue datorren iganderako?
Ea aurreko astekoa pixka bat hobetzen dugun. Ea dena emanda non gauden.
Nork eramango du aurtengo bandera?
Nik uste dut Urdaibaik eramango duela, baina inoiz baino estuago dago dena. Aldeak oso txikiak dira, TKEko maila pixka bat jaitsi da eta oso berdinduak daude denak. Lehia polita izango da.