Langabezian daudenek doan ikasi ahalko dute euskara
Gaurtik irailaren 20a bitartean eman beharko dute izena euskaltegietan, langabezian egon eta euskara doan ikasi nahi duten donostiarrek. Euskara maila eta izen emate dataren arabera banatuko dituzte lekuak.
Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro hauek antolatzeko diru laguntzak emango dizkie euskaltegiei; 38.000 euro guztira. Hala, Donostian erroldatuta dauden 120 bat langabetuk euskara doan ikasteko aukera izango dute.
Bi helburu izango dituzte lehen aldiz ematen diren laguntza hauek. Batetik, herritarren euskalduntzea indartzea, eta bestetik, egoera ekonomiko zailean daudenei euskara ikasteko erraztasunak ematea. Nerea Txapartegi, udal gobernuko euskara arduradunaren arabera, “langabetuek euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu”.
Udal gobernuak emandako laguntza hauen bidez ikastaro trinkoak egingo dituzte, urriaren 9an hasi eta abenduaren 5a arte. Guztira hamar talde osatzea espero dute, eta talde bakoitza bederatzi eta hamabost ikasle artekoa izango da. Ikastaroak 120 ordukoak izango dira, astelehenetik ostiralera, egunero hiru ordu eskainiko dituztelarik; goizeko 10:30etik 13:45era.
Baldintzak
AEK, Ilazki, Urumea, Hitzez, Legazpi 6, eta Urrats euskaltegietan eman ahal izango dute langabeek izena. Isidro Yoldi, euskaltegien bozemaileak azaldu duenez, euskara mailaren arabera osatuko dituzte taldeak, seigarren urratsa abiapuntutzat hartuta. Yoldiren esanetan, “ikastaro hauen helburua euskararen erabilera indartzea da, beraz, hizkuntzaren oinarrizko ezagutza dutenei lehentasuna ematea erabaki dugu, hauek izango baitute erabilera hori areagotzeko aukera gehien”. Ikasle bakoitzaren euskara mailaren arabera zehaztuko dituzte taldeak eta euskaltegia. Hau da, ikasleek ezingo dute euren kabuz euskaltegia aukeratu.
Gainera, lekuak mugatuak izanik, hizkuntzaren ezagutzaz gain izen emate data kontuan hartuko dute, beraz, arduradunen arabera, “lehenbailehen izena ematea komeni da”.
Ikastaroak bukatzen direnean, emaitzak aztertuko dituzte eta emaitza horien arabera zehaztuko dute aurrerago ikastaro gehiago egingo diren ala ez. Itxura batean jarduera honek arrakasta izango du, euskaltegietako arduradunen arabera, dagoeneko jende ugari baitabil galdezka.