Lou Topet taldea larunbatean arituko da Kutxa Kultur Festibalean
http://youtu.be/tzYOsDqRt80
Asteburuan ospatuko da bigarren urtez Kutxa Kultur Festibala. Bi egunez Igeldoko jolas parkea bertako eta atzerriko hainbat musika talderen agertoki bilakatuko da, eta gaur egin dute jaialdiaren aurkezpena.
Zehazturik daude dagoeneko agertoki bilakatuko diren jolas parkeko lau txokoak, ordutegiak eta musika taldeak ere. Sergio Cruzado Kutxa Kultur Festibalaren zuzendariaren arabera, Zugarramurdiko kobetan egindako aurkezpenaren ondoren, Crystal Fighters taldeak ikusmin handia sortu du. Ostiralean eskainiko dute beren kontzertua agertoki nagusian, 23:30ean.
Lehen eguneko saioen artean, William Tyler musikariaren izena ere azpimarratu nahi izan du Cruzadok. Formato txikiko bi saio eskainiko ditu artistak, ustekabeen agertokian, 19:15ean eta 21:00etan.
Arratsaldeko 15:00etan hasiko dira emanaldiak jolas parkeko agertokietan, baina bertara doazenak girotzeko, aurten autobusetan ere musika emanaldiak eskainiko dituzte. Luke Amstrong, Tristan Crowley eta Charlie musikariak arituko dira lan horretan. Sergio Cruzadoren arabera, “Kutxa Kultur Festibala musika jaialdi berezia da, izaera propioa duena, eta bigarren urtea bada ere, erreferentzia bihurtu da hemen eta atzerrian”.
Jaialdiaren izaera berezi horretan inguruak ere laguntzen du. Pilar Pascual, Igeldo jolas parkeko zuzendariaren arabera, “haurrak eta gurasoak gerturatzen dira, baina jaialdiari esker gazte jende ugari etortzen da parkera, eta urteetan ahaztuta egon diren hainbat txoko eta ikur berreskuratzea lortu dugu”.
Kutxa Kultur Festibalaren aurkezpenean Lou Topet taldea izan da. Larunbatean eskainiko dute beren emanaldia, 17:00etan, parkeko agertokian, baina gaur aurrerapen txiki bat egin dute bi abesti eskainiz.
Bigarren eguneko izenen artean, Built To Spill eta Dinosaur Jr taldeak azpimarratu ditu Cruzado, jaialdiaren zuzendariak. Azken hauek belgikarrak dira eta atzerrian ez bada, Igeldoko jolas parkeko emanaldia izango da bertatik bertara ikusteko aukera bakarra.
Jolas parkea, musikari eskainia
Iaz bezala, bi egunez jolas parkea Kutxa Kultur Festibaleko ikusleentzat bakarrik egongo da irekita 15:00etatik 24:30era. Musikaz gozatzen jarraitu nahi duenak Gazteszenan izango du aukera, huraxe izango baita jaialdiaren baitan gauez eskainiko diren saioen agertokia.
Igeldoko jolas parkera ezingo da autoz joan, baina antolatzaileen arabera, ez da bertara iristeko arazorik izango, iaz bezala, garraio zerbitzu zabala prestatu baitute. 15:00etatik aurrera bost minuturo igoko da funikularra jolas parkera, doan, eta autobus zerbitzuak ere gehitu dituzte. Igeldora doan autobusa Bulebarrean hartu ahal izango da, edo bestela, jaialdirako bereziki jarri dituzten autobusak Londres eta Ezeiza hotelen parean hartzen direnak.
Jolas parkeko musika jaialdirako sarrera 16 eurokoa izango da eta Gazteszenarako sarrera berriz, 10 eurokoa. Jaki eta edari bereziak, haurtzaindegi zerbitzua eta diseinatzaileen topaketa batek ere osatuko dute jaialdia. Izan ere, Sergio Cruzadoren hitzetan, “musika jaialdi bat baino gehiago da Kutxa Kultur Festibala”.

Kutxa Kultur Festibalaren aurkezpena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)