
Joan Mari Irigoien idazleak ‘Arma, tiro, bammm!’ eleberria aurkeztu du, Donostiako Elkar aretoan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bi familien istorioa kontatu du idazle altzatarrak: bata euskalduna eta bestea arabiarra.
Aspalditik zeukan Joan Mari Irigoienek armagintzari buruz idazteko asmoa eta oraingoan horixe aukeratu du gai nagusi bezala.
Arma, tiro, bammm! liburuak, modu paraleloan, bi familien istorioa kontatzen du, euskalduna bata eta arabiarra bestea. Bi protagonista horien garapena erakusten digu Irigoienek, modu zehatz eta sakontasun handiarekin. Obraren momentu batean, bi aldek bat egiten dute eta mezurik garrantzitsuena transmititzen da: gizakia bat eta bera dela mundu osoan. Azken batean, mendebaldearen mundua leku polarizatu batean bihurtu dugula salatu nahi izan du idazleak.
Nobela honetan Joan Mari Irigoienek hiru ezaugarri nagusi nabarmendu ditu. Lehenik eta behin, hizkuntzaren erabileran landu duen estetika, edertasuna eta txukuntasuna. Bigarrenik, idazleak berezkoa duen fabulaziorako ahalmena, fikzio sortzaile on baten marka, hain zuzen ere. Eta, azkenik, kontzientzia etiko zorrotza erakutsi nahi izan du, hau da, asmo batek bideratuta idatzi du nobela.
Euskal literaturan islamari buruz gutxi idatzi izan da eta liburu honek kultura hori ulertzeko balio lezake. Izan ere, nobela idazterako orduan informazio asko jaso du eta, besteak beste, Mari Jose Lasa, herrialde arabiarretan izandako berriemailea izan du aholkulari eleberria idazterako orduan.
Urriaren 3an, 19:30etan, Joan Mari Irigoieni omenaldia egingo diote Altzako Tomasene Kultur Etxean. Bertan, Imanol Irigoien, idazlearen anaiak, Joan Mariren liburuetarako egindako azalak biltzen dituen erakusketa bat egongo da eta zenbait egunetan zehar ikusteko aukera egongo da.