
Gipuzkoako Duintasun Elkarteak botiken kopagoaren aurkako sinadurak bildu ditu. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gipuzkoako Duintasuna Elkarteak kanpaina bat abian jarri du irailean zehar Donostiako auzoetatik, berrordainketaren aurkako sinadurak biltzeko asmoz.
Pentsiodun eta 65 urtetik gorakoek bizitza duin eta kalitatezkoa bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute eta horretarako, errezetak dohainik izatea eskatzen dute. Aurretik urteetan zehar egindako lanaren bidez eta hainbeste urteko kotizazoen bitartez, guzti hori dagoeneko ordainduta daukatela uste dute.
Kanpaina honen helburua Eusko Legebiltzarrean presioa egitea da, politikariek herritarren alde mugitu behar direla pentsatzen dutelako. Hilabete bukaeran, lortzen dituzten sinadurak bildu eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dituzte, bertan kopagoaren gaia berriro azter dezaten.
Horretaz gain, jubilatu, pentsiodun eta beste abarren elkartasuna eskatzen dute, denek jasan dezaketen kontu bat delako.
Hurrengo hitzordua datorren astearte eta ostegunean izango da, Egiako pasadizoaren irteeran eta auzoko Osasun Zentroan, 11:30etatik 13:00ak bitartean.