Motz jaialdia, Guardetxean
4 film labur proiektatuko dituzte irailaren 12an, ostegunean.
Guardetxean, Motz jaialdiaren barruan, lau film labur ikusteko aukera izango da irailaren 12an (20:00). Ruben Sainzek zuzendutako Piensas pieza da horietako bat: “Zure bikotearekin ongi eramateko lehen araua: inoiz ez duzu ‘galdera hori’ egin behar. Agian ez zaude erantzunerako prest”, dio sinopsiak.
Ingenieria social film laburra ere fikziozko pieza bat da. Ibon Gabellanesen zuzendaritzapean aritu dira lanean Patxi Santamaria eta Iñake Irastorza aktoreak. Gizarte gastua murrizteko asmoz, gobernuak gizartearentzat erabilgarriak ez diren pertsonen sakrifizioa bultzatu nahi du. Placidok Parkinson gaitza bere nagusiei ezkutatu nahi die.
Lara Izagirrek Kea film laburra zuzendu du. Ramon Barea euskal aktorea da protagonistetako bat. Herriko fabrikaren zati enblematikoa botako dute gaur, tximinia. Felipek, Urdaitzek eta Rocio eta Rafak modu desberdinetan biziko dute mementu bera. Iraganak, orainak eta etorkizunak bat egiten duten unea.Iñaki Iñarrak dokumentalaren bidetik egin du Amatxo film laburra. Bere amona Pilarren bizitzaren zati bat jaso du bertan.
- ‘Amatxo’, Iñaki Iñarra.
- Kea, Lara Izagirre.
- ‘Ingenieria social’, Ibon Gabellanes.
- ‘Piensas’, Ruben Sainz






