Sute batek hainbat kalte eragin ditu Loiolako Aralar Mendiaren kalean
Hiru edukiontzi, 11 bizikleta, bi auto, hamar motor, zuhaitz bat, ONCEren kabina bat eta seinale bat kiskali egin dira.
Gauerdian sutea piztu da Aralar Mendiaren kalean, Loiolako eliz kalearen ondoko edukiontzi batean. Suteak kalte materialak eragin ditu: Hiru edukiontzi, 11 bizikleta, bi auto, hamar motor, zuhaitz bat, ONCEren kabina bat eta seinale bat kiskali egin dira. Suhiltzaileek ordu erdian itzali dituzte garrak, eta ikertzen ari dira sua zerk eragin duen. Papera birziklatzeko edukiontzian piztu da sua, eta ondoren aldameneko edukiontzietara zabaldu da.
Udaltzaingoak suteari buruzko txostena egingo du. Suhiltzaileak zonaldera iristean sua nahiko zabalduta zegoen. Suhiltzaileen parteak dioenez, 47 minutuko lana izan dute, parketik atera eta bueltatu diren arte.
Nora Galparsoro, Babes Zibileko zinegotzi ordezkoak esan duenez, sute honen jatorria zein den aztertuko dute. Zorionez kalte pertsonalik ez dela izan adierazi du.



