
Ezkerretik eskuinera: Fermin Muguruza, Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa, Usua de La Fuente eta Koldo Soret. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Iazko Donostiako Zinemaldian abiatu zuen taldeak ibilbidea; eta hurrengo irailaren 27an bukatuko du.
Koldo Soret eta Usua de La Fuente donostiarrek euren proiektu berria aurkeztuko dute emanaldi horretan: Niña Coyote eta Chico Tornado taldea.
Zuloak proiektuaren abentura amaitzear da. Pantailatik agertokietara salto egin zuen iazko Donostiako Zinemaldian, filmaren estreinaldiarekin batera. Urtebeteko ibilbidearen ondoren, azken kontzertua emango dute irailaren 27an, Gazteszenan. Egiako aretoan 63. eta azken kontzertua emango dute. Donostiara iritsi baino lehen, ordea, Japonian bira egingo dute, eta Polonian ere izango dira zuzenean.
Ainhoa Unzueta (gitarra), Tania de Sousa (ahotsa), Usua de La Fuente (bateria) eta Koldo Soret (gitarra) izango dira Gazteszenako taula gainean. Baina ez da kontzertu bakarra izango. Fermin Muguruzaren sound systemarekin hasiko da festa. Ikuskizun “oso dibertigarria” izango dela adierazi du Muguruzak.
Gainera, Usua de La Fuentek azaldu duen bezala “kaixo eta agur” festa izango da. Izan ere, Koldo Soretekin batera Niña Coyote eta Chico Tornado proiektua aurkeztuko dute zuzenean. Zuloak-en biran sortutako taldea da. Bi musikari donostiarrek euren rock kanta berriak aurkeztuko dituzte. Diskoa urriaren hasieran argitaratuko dute, baina kontzertuan bertan ere eskuratu ahal izango dute zaleek. Autoekoizpenaren bidetik egin dute diskoa, eta Verkami plataformaren bidez finantzatu ahal izan dute lan berria.
Zuloak taldea desagertzeak pena handia ematen diela aitortu dute musikariek, baina ziklo hau ixtearekin batera beste batzuk irekiko direnez, pozik daudela azaldu dute.
[box]
Zuloak taldearen azken kontzertua
-Non: Gazteszenan.
-Noiz: irailaren 27an.
-Sarrerak: 10 euro. Leihatilan, 12 euro.[/box]