
Antzezleak, Zubietako Aktak sinatzen. (Aritz Sorzabal)
Joan den astean Donostia erre eta suntsitu zuteneko bigarren mendeurrena ekarri zuten gogora. Bada, ekitaldiak ez dira hor amaitu, Zubietan egin baitute gaur goizean gertaera horren bigarren zatiaren antzezlana. Hain zuzen ere, hiria suntsitu ondorengo egunetan, Zubietako Aizpurua baserrian donostiarrak bildu ziren eta hiria berreraikitzeko erabakia hartu zuten. Gaur, 200 urte geroago, momentu hori errepikatu dute.
Ados Teatroa konpainiak Zubietako Akten sinatzea antzeztu du Aizpurua baserriaren lorategian jarritako taulan, Udalaren Txistulari Banda, Easo Abesbatza eta bestelako musikarekin batera. Jende andana bildu da ikuskizuna jarraitzeko; udal talde guztietako ordezkariak eta Zubietako Herri Batzarreko kideak, tartean. Goizeko une hunkigarrienetako bat, baina, 1813an hiria berriro sortzeko lanean jardun zuten herritarren ondorengoak omendu dituztenean izan da; hain justu, Zubietako Aktetan sinatzaile agertzen direnen ondorengoak.