
Derbia Lezaman jokatu dute. (Argazkia: Realsociedad.com)
Gatz eta piper gehiegirik gabekoa izan da Athleticek eta Realak larunbatean Lezaman jokatutako derbia. Distirarik gabe irabazi dute etxekoek, bigarren zati osoa jokalari bat gehiagorekin jokatu arren. Partida hasieran, ordea, nagusi izan da Athletic. Hain zuzen ere, 15. minutuan iritsi da partidako gol bakarra. Erikak korner itxi-itxia atera du, eta Irenek bere garaiera baliatu du beste guztien gainetik jauzi egin eta baloia sareetara bidaltzeko. Gol horrek balio izan dio Athletici Ligako lehen jardunaldiari ondo ekiteko.