Hondarribiak irabazi du Donostiako uretan, epaileek gipuzkoarren helegitea onartu eta gero
Polemika, lehia, estropada bikaina… Urdaibai bere hirugarren Kontxako bandera lortzeko atarian zegoen, ohorezko txanda irabazi eta gero, baina Hondarribiak jarritako helegitea onartu dute epaileek; horrenbestez, gipuzkoarrek bandera irabazi dute, 2005ean bezala, orduan ere helegite baten bitartez –hamaikagarren bandera dute–. Joan den igandean azkarrena izan ziren bermeotarrak, eta gaurkoan berriro iritsi dira lehenak, baina epaileek kanporatu dituzte “abordatzea” egin dutela iritzita. Azken lau urteetan Bizkaira joan da trapua, gipuzkoarren zoritxarrerako. Aurten gauzak aldatu dira, helegitea dela medio.
Epaileen erabakiaren zain egon dira traineruak estropada amaituta. Izan ere, bigarren luzean talka egin dute une batean Urdaibairen eta Hondarribiaren arraunek. Eta Hondarribiari zegokion laugarren kalean gertatu denez, epaileek Bidasoaldekoen alde egiteko aukera egon zitekeela pentsatu da; Urdaibai kanporatu eta Hondarribiari bandera eman, alegia. Azkenean, epaileek bere horretan utzi dute sailkapena. Hori bai, Hondarribiak helegitea aurkeztu du, eta ordu erdi geroago erabaki ofiziala etorri da: Hondarribia txapeldun, Urdaibairen kalterako.
Lehen ziabogara lehena iritsi da Urdaibai, 9 minutu eta 19 segundoko aldearekin. Indarrak oso parekatuak zeuden ordurako, bi segundora iritsi baitira Kaiku eta Orio, eta hiru segundora Hondarribia. Bigarren luzean, berriz, Kaiku atzean geratu da, eta hiruren arteko lehia izan da: Urdaibai, Orio eta Hondarribiaren arteko lehia. Bidasoaldekoak 6 segundora egon dira lehen luzean, baina, atzetik aurrera egin ondoren, estu hartu dute Urdaibai; aurretik jartzea lortu dute une batean, arraunek talka egin duten unean, hain justu.
Azkenean, Urdaibaik egoera zailari eutsi dio eta txanda irabazi du, Hondarribiak indar piska bat galdu duen bitartean. Polemika etorri da gero, epaileek azken erabakia hartu eta gero. Hondarribiarrek herriko festen egun handia eskuratu dute trapua, Ama Guadalupekoari ohore egiten dioten egunean; alarde egunean, alegia. 1968an antzeko balentria egin zuten, orduan ere txandarik irabazi gabe; ez lehen igandekoa, ezta bigarrenekoa ere.
Ohorezko txandaren sailkapena:
1-Urdaibai. 19 minutu 22 segundo (Epaileek Urdaibai kanporatu dute)
2-Orio. 19:23
3-Hondarribia. 19:24
4-Kaiku. 19:39
Kontxako banderaren sailkapen orokorra:
1-Urdaibai. 38:39 (Epaileek Urdaibai kanporatu dute)
2-Hondarribia. 38:44
3-Orio. 38:46
4-Kaiku. 39:10
5-Portugalete. 39:24
6-San Pedro. 39:32
7-Tiran. 39:40
8-Donostiarra. 40:52
- Hondarribiiko arraunlariak, erabakiaren berri jakin duten unean. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Orio, Urdaibai eta Hondarribiaren arteko lehia ikusgarria izan da. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Urdaibai, kaian. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Hondarribiko trainerua, kaian, garaipena ospatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)






