Kontxako bandera eraman dute Zumaiara emakumeek, 26 urte geroago
Zumaiak irabazi du emakumezkoen Kontxako Bandera, lehen aldiz. Herrira, ordea, hirugarren trapua etxeratuko dute gaur arratsaldean; gizonezkoek bi bandera lortu baitzituzten, azkena duela 26 urte. Zumaia lehen kluba bihurtu da emakumezkoen eta gizonezkoen banderak lortzen. Garaipena ospatzeko, festa antolatuko dute herrian, 19:00etatik aurrera.
Joan den asteko errentari eustearekin nahikoa zuen Zumaiak, hamaika segundoko aldea eskuratu baitzuen lehen igandean Hibaikarekiko. Baina, horrekin konforme ez eta bigarren igandean ere estropada irabazi du. San Juan izan da bigarren, baina ezin izan dio Hibaikari bigarren postu orokorra kendu.
Zumaiako patroi Nagore Osoro pozez gainezka zegoen estropada amaitu ondoren. “Joan den igandean makila genuen; orain, berriz, makila eta trapua”, adierazi du. “Denontzat kristona izan da gaurkoa. Gozatzeko esaten nien arraunlariei, gaurko irudiak bizitza osorako gordetzeko, baina arraunlariek beraiek esaten zidaten ez zegoela amaituta eta bukatu arte ez zegoela ezer irabazita”, erantsi du.
Gaurko sailkapena:
1-Zumaia. 10 minutu 56 segundo
2-San Juan. 10:59
3-Hibaika. 11:02
4-Mecos. 11:13
Sailkapen orokorra:
1-Zumaia. 21:33
2-Hibaika. 21:51
3-San Juan. 21:55
4-Mecos. 22:16



