Euskaltegietako matrikulazio epea zabaldu dute
http://youtu.be/-VWjngCLmhM
Konstituzio plazan bildu dira Donostiako hainbat euskaltegietako ordezkariak 2013-2014 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkezteko.
‘Euskara zure sare sozialik onena’ da ikasturte berrirako aukeratu duten leloa. Nerea Txapartegi, euskara eta kultura arduradunaren hitzetan, “euskarak gure ondarea izateaz gain, lagunak egiteko ere balio du; hitz eginez mantentzen da bizirik euskara”.
Sare moduko bat irudikatu dute Konstituzio plazan, eta Nerea Txapartegik berak eta euskaltegietako hainbat ordezkarik ere sare batean korapilaturik oihukatu dute lelo berria.
Modu honetan, herritar guztiak euskara ikastera gonbidatu ditu Txapartegik. “Donostia euskararen hiria da, eta udalaren lehentasunen artean euskara sustatzea dago, euskalduntzea bera”, adierazi du.
Gainera, aurten ere udal gobernuak euskara ikasi nahi duten guztiei diru laguntzak emango dizkiela aurreratu du Txapartegik, eta langabetuek doan ikas dezaketela ere gogoratu du. Euskara ikasi nahi dutenek iraila osoa izango dute euskaltegiren batean izena emateko. Ikasturte berrirako diru laguntzak eskatzeko epea, berriz, irailaren 16tik azaroaren 8a artekoa izango da. Euskara zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) egin behar da eskaera.
Euskara ikasteko diru laguntzen eskaera internet bidez ere egin daiteke Donostia.org eta Euskaraz.net webguneen bitartez.

