Frankismoaren biktimak oroitzeko ideien lehiaketa bat jarri dute abian
Altxamendu frankistaren garaian exekutatu zituzten 400 pertsona inguru oroitzea da lehiaketaren helburua, eta irailaren 13tik azaroaren 13ra bitartean (biak barne) aurkeztu ahalko dira lanak.
Donostiako udala oroimen historikoa berreskuratzeko eta lantzeko egiten ari den jardueren artean dago ideien lehiaketa hau; Altxaldi frankista eta ondorengo urteak, jarri diote izena.
Lehiaketaren helburua, Donostian gertatutako “genozidio politiko handienetarikoaren ondorioz exekutatuak izan ziren 400 pertsona inguru haiek omentzeko lehiaketa parte hartzailea, irekia eta publikoa” egitea dela adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak. Bere hitzetan, “zor historikoa dugu altxamendu frankistan eta ondorengo urteetan hil zituzten 400 pertsona haiekin eta euren senitartekoekin”. Era berean, garai hartan “sufritutako itzalak argitara eramatea” eta, horretarako, “egia, justizia eta aitortzarako bidean pausuak ematen jarraitzea” ere ezinbestekoa dela azpimarratu du alkateak.
Ideien lehiaketa
Alor artistiko ezberdinetako sormen lanak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara: eskulturak, marrazkiak, maketak, argazkiak…
Epaimahaia Donostiako alkateak berak eta udaleko hainbat sailetako teknikariek, batetik; eta, bestetik, Oroimen Historikoko Foroko bi ordezkarik eta Giza Eskubideen batzorde bereziko kide batek osatuko dute.
Hiru lan onenak sarituko dituzte:
1. 2.000 euro.
2. 1.000 euro.
3. 500 euro.
Lanik hoberena, betiere egokia eta egingarria bada, leku adierazgarri eta ageri batean jarriko dute. Gainera, aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat egingo dute. Hartara, herritar orok izango du proposaturiko ideia guztiak ezagutzeko aukera.
Lehiaketaren oinarriak eta informazioa orokorra Donostia.org/bakearenetxea webgunean dago eskuragarri. Horretaz gain, garai hartako testuinguru historikoaz jabetzeko Udal liburutegietan ere informazio gehigarria aurki daiteke.

